2014/12/18

2014/12/14

GALDEKETAUN! Gazte lehiaketa martxan!

galdeketaun lehiaketa

   Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Nontzeberri kultura atariarekin elkarlanean, GALDEKETAUN 12 eta 17 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko lehiaketa abiatu du. Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz. 

   Abenduaren 11tik Otsailaren 13rarte parte hartzaile guztiak lehiatuko dira. Dispositibo mugikorretatik jolasten den lehiaketa da. Jolasa Google Play Store-tik jaitsiko da helbide honetan: 


   Bilbori eta Bizkaiari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta gaiak asko dira: kultura, kirola, artea, musika, geografia, Bilbo bera eta Athletic ere bai. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina honez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere.

 Argibideak,sariak eta sailkapena ikusteko:


"Euskararen etxea"n familientzako jardueraz beteriko negua!

    Euskararen Etxean, Agoitz plaza 1 San Inazion, hileroko jardueren agenda bat osatzen dute, mota eta publiko ezberdinetarako jarduerak prestatuz. Eta urria eta urtarrila bitartean, haur eta familientzat bereziki asmatutako jarduerak izango dira protagonista nagusiak: magoen ikuskizunak, lantegiak, txontxongiloak, ipuin kontalariak, guraso edo tutoreentzako hitzaldi hezigarriak…

 

    Guraso edo tutoreentzako bi hitzaldi berezi prestatu dituzte, beraien interesekoak izango direlakoan: interneten ematen dugun gure buruzko irudiaren inguruan bata eta sare sozialetan ibiltzearen abantaila eta arriskuen ingurukoa, bestea.

   Bestalde, haurrentzako jarduerak dirauten bitartean, helduek Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera izango dute; bisita gidatuak egongo dira tarte horretan.

   Jarduera guztiak doakoak izango dira eta espazioa mugatua denez, ahalik eta lasterren etortzea gomendatzen da. Aretoa bete arte jendea sartzen joango da eta hau betetzean ezin izango da inor gehiago sartu.

   Eta saritxoa ere egongo da: familientzako jarduera programa honetara datozen bisitarien artean tablet bat zozketatuko dugu. Horretarako, ekitaldira sartzerakoan betetzeko orritxoa banatuko da.

    Informazio gehiago:


2014/12/11

"EUSKARA JENDEA" urtarrilean liburutegian eskuragai

"Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza", Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek ekoitzitako dokumental-sorta da.

40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honen bidez publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia. Dokumentalak hainbat hizkuntzatan daude azpititulaturik

 Bestalde, material didaktiko bat ere sortu da. Atal bakoitzarako B eta C euskara mailak (DBHtik gora) dituzten ikasleentzako unitateak daude.
 http://www.euskarajendea.com/dokumentala/?mtheme_featured=4043