2014/11/25

#euskara









Kaixo, 

Ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen arabera, eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta zeuden zure ahotik ateratako hitz alrebesak. Helduekin beste zerbait gertatzen zait, oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko nitaz lotsatzea ekarri du.

Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik urruntzen joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten hasi. Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta maitatuko bazenidaketen, orain indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela nitaz.

Zure ahotik atera nahi dut, zure pentsamenduetan sortu, munduan ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea ni maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima kalean usaindu eta neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu, lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak niri nortasuna ematea nahi dut.

Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite zaitut. Niri ahoz-aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen didate eta zaila naizela esaten duten harren, ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu maitatzen zaitudan moduan zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila.

Aldez aurretiko eskerrak irri batez,

Euskara

“Euskarak 365 egun” ekimena

365egun_2014_kartelaA3_01_421x300      365egun_2014_kartelaA3_02_418x300 
365egun_2014_kartelaA3_eskoletarako_435x300       365egun_2014_kartelaA3_puzzlea_422x300

Duela hiru urte Durangoko Berbaro elkarteak sortu zuen ekimana da “Euskarak 365 egun”, Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduaren 3aren) bueltan sortutako ekimena. Durangon sortutako ekimena iaz Euskal Herri osora zabaldu genuen Euskaltzaleen Topagunetik (Euskal Herri osoko 90 euskaltzaleen elkarte biltzen dituen mugimendutik) eta aurten hedatzen jarraitu nahi dugu.

Hiru oinarri izango ditu ekimenak:
- Euskaltzaleon urte osoko lanaren eta konpromisoaren agerpena.
- Euskaltzale guztiei deia egitea komunitatea handitzeko eta trinkotzeko.
- Euskararen eta euskaltzaleon presentzia handitzea plazan (kalean, hedabideetan,..)

Aurten ere “Euskarak 365 egun” izango da abenduaren 3an erabiliko dugun lelo nagusia.
Hortaz gain, bigarren lelo bat ere zabalduko dugu: “euskaltzaleon auzotik euskararen herrira”. Euskaltzaleok auzolanean eraiki duguna eta eraikitzeko duguna aldarrikatu eta euskaraz bizitzeko dugun nahia agertu dugu bigarren lelo honetan.

Euskaltzaleen mugimenduak antolatutako ekimena da, baina euskalgintza osoarekin eta euskararen alde urratsak emateko prest dauden guztiekin batera gauzatu nahi dugu. Horregatik, gonbidapena egiten dugu nahi beste lagun eta eragile hurbildu daitezen ekimenera.


365egun_150x150                       365egun_600x110


INFORMAZIO GEHIAGO, HEMEN: 

KARTELAK

GEROA MIHIAN!





Historian gaindi, mintzaira franko hil zen.
Munduan zehar hizkuntza asko hiltzen.

Zergatik batzuk ditugu erabiltzen?

Eta bertzeak nahita nahiez ixiltzen?

Zergatik batzuk ditugu baliatzen?

Bertzeak betiko direlarik ahanzten.

Euskara utziko dugu gibelatzen?

Gure artean erdara nagusitzen?


EUSKARAREN GEROA GUK DUGU MIHIAN,

ERDARAZ MINTZATZEAN BIHAR DATZA HOBIAN (x 2)

EO,LARALALALA,EO OOO (x2)


Hizkuntza dugu zuhaitzen antzekoa.

Iraganean sortu zitzaion erroa.

Orain azkartuz doa enbor sendoa.

Bihar trumilka ekartzeko hostoa.

Antzinekoen aiten aitek sortua.

Euskarak ezagutu nahi du geroa.

Guri ere tokatzen zaigu ordua.

Artatzeko biharko haurren fruitua. (EO... x2)


Euskal Herrian lagun asko badira.

Bainan zenbat euskaldun ba ote gira?

Gaur erdara dator karrika erdira.

Hobeki euskara ekarriz mihira!

Batek ez dakiela aitzakiarekin.

Erdaraz mintzatzen gira lagunekin.

Haurrek zer ikasiko dute gurekin?

Bat egin behar dugu euskararekin! (EO...x4)

DANTZA, DANTZA!





Ez naiz dantzaren errege,

horretan ez naiz trebe.

Erritmo hau entzutean,

gerria jartzen zait sutan.

Ez ahalge, ez beldur,

ez gelditu uzkur.

Ahaztu zure lotsak.

Ez gorde barneko urratsak.



ETA BAT ETA BI DANTZA DANTZA!

ETA BAT ETA BI ERRITMOA SEGI!

ETA BAT ETA BI DANTZA DANTZA!

ETA BAT ETA BI IPURDIA MUGI!



Ez dut itxura handirik.

Zure irria ikusiz badakit.

Zertarako gelditu?

Zoriona ekartzen badigu.

Aurrera, atzera.

Urratsak ditzagun batera.

Gaua oino luzea da.

Beti dantza! dantza!



ETA BAT ETA BI DANTZA DANTZA!

ETA BAT ETA BI ERRITMOA SEGI!

ETA BAT ETA BI DANTZA DANTZA!

ETA BAT ETA BI IPURDIA MUGI! (x 3)