2015/04/13

Udaltopen, hizkuntza legea hizpide

Hiru aste eskas falta dira Udaltop Euskara Zerbitzuen Topaketaren seigarren ediziorako. Aurtengoan, hizkuntza legea izango dute hizpide apirilaren 29an eta 30ean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean.


“Nola bete hizkuntza legea, lege hizkuntzan galdu gabe?” izenburupean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan lantzen ari diren Udal Legeaz ariko dira: zertan hobe dezakeen udaletako hizkuntza-politika, nola arautu daitekeen, legea hobetzeko proposamenak, eta abar. Era berean, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateen berri emango da, beti ere hizkuntza legea oinarri hartuta.

Orotara, bederatzi hitzaldi izango dira. Eta tartean izango dira Zelai Nikolas, Eusko Jaurlaritzako legelaria; Iñigo Urrutia, EHUko zuzenbide irakaslea; Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria; edota, Laura Perez, Nafarroa Aldatu Ahal Duguko idazkari orokorra.
Hemen aurki dezakezue honetarako osatu den egitaraua.

Izen-ematea
Egunotan zabalik da Udaltopen izena emateko epea –apirilaren 17an itxiko da–. Bertaratzeko interesa duzuenok, www.udaltop.eus webgunean duzue izen-emateko aukera. Prezioa 80 €koa da, bi egunetako otorduak barne.















'La lengua vasca ha muerto'

La lengua vasca ha muerto. XX. mendearen hasieran hori esan zezakeen Barakaldoko egunkari baten tituluak, orduantxe, Barakaldon jaiotako azkenengo euskaldun zaharrak hil zirelako. Ordea, mende bat igaro da eta gaurko egoera oso desberdina da. Gaur, 18.000 bat barakaldar euskaldun gara, Azpeitiko biztanleria osoa baino gehiago.

Fenixen mitoa bete da. Irakurtzen ari zaren euskarazko hitz hauek Barakaldon idatzi ditut, barakaldarra izanik, pertsona askok egindako izugarrizko lanaren ondorioz. Hemen, inork ez zuen euskaraz egiten, zerotik hasi ziren lanean superheroi anonimo horiek. Euskaldun berri bakoitza, garaipen bat zen. Orain, Korrikan bezala, lekukoa pasatu digute. Milaka urtean bizirik iraun duen hizkuntza mantentzea eta zabaltzea egokitu zaigu.

Gaur, ezkerraldeko ikastola eta eskola publikoetan ikasgela berean daude Ocho apellidos españoles dituen umea, 80ko hamarkadako punki baten lehenengo biloba eta Abdul Mohameden alaba. Abdul, Aljeriatik etorri zen. Hona heltzeko, kilometro ugari egin behar izan zituen kamioi baten azpian ezkutaturik. Berak esan zidan hautsa eta diesela arnasten zuenean, euskara bizirik mantentzea ez zegoela bere lehentasunen top 10-ean. Baina orain, fruta-denda bat zabaldu du eta bere alaba euskalduna da. Abdulek ere, euskara jakin gabe, lekukoa pasatu du.

Eta nola mantenduko da bizirik euskara? Ba, bere ingurugirora moldatzen bada. Darwinek esan zuen. Eta ingugiroa etengabe aldatzen ari da: euskara oso makala da mundu globalizatu honetan. Berritzaileak izan behar gara, etengabe mutatu behar dugu euskararen alde borrokatzen dugunok. 2015. urtean euskarak zera behar du: musika elektronikoa, rapa, bideoklipak, diseinua, kaleko artea, marketina, konfetia, Interneta... Eta nik, ez dut nahi #basqueisdead. Euskarak beste mila urte bizirik irautea, zure ahoan, zure belarrietan, zure eskuetan dago. Euskara mantendu, eta hedatu dezakezu. Zuri pasatzen dizut lekukoa, hemen eta orain.

Jaun-andreok, ezkerraldean ere euskara bizirik dago, eta ilusio guztiarekin hedatzen ari gara. Euskara birjaio da: mezua zabaldu!