2015/04/13

'La lengua vasca ha muerto'

La lengua vasca ha muerto. XX. mendearen hasieran hori esan zezakeen Barakaldoko egunkari baten tituluak, orduantxe, Barakaldon jaiotako azkenengo euskaldun zaharrak hil zirelako. Ordea, mende bat igaro da eta gaurko egoera oso desberdina da. Gaur, 18.000 bat barakaldar euskaldun gara, Azpeitiko biztanleria osoa baino gehiago.

Fenixen mitoa bete da. Irakurtzen ari zaren euskarazko hitz hauek Barakaldon idatzi ditut, barakaldarra izanik, pertsona askok egindako izugarrizko lanaren ondorioz. Hemen, inork ez zuen euskaraz egiten, zerotik hasi ziren lanean superheroi anonimo horiek. Euskaldun berri bakoitza, garaipen bat zen. Orain, Korrikan bezala, lekukoa pasatu digute. Milaka urtean bizirik iraun duen hizkuntza mantentzea eta zabaltzea egokitu zaigu.

Gaur, ezkerraldeko ikastola eta eskola publikoetan ikasgela berean daude Ocho apellidos espaƱoles dituen umea, 80ko hamarkadako punki baten lehenengo biloba eta Abdul Mohameden alaba. Abdul, Aljeriatik etorri zen. Hona heltzeko, kilometro ugari egin behar izan zituen kamioi baten azpian ezkutaturik. Berak esan zidan hautsa eta diesela arnasten zuenean, euskara bizirik mantentzea ez zegoela bere lehentasunen top 10-ean. Baina orain, fruta-denda bat zabaldu du eta bere alaba euskalduna da. Abdulek ere, euskara jakin gabe, lekukoa pasatu du.

Eta nola mantenduko da bizirik euskara? Ba, bere ingurugirora moldatzen bada. Darwinek esan zuen. Eta ingugiroa etengabe aldatzen ari da: euskara oso makala da mundu globalizatu honetan. Berritzaileak izan behar gara, etengabe mutatu behar dugu euskararen alde borrokatzen dugunok. 2015. urtean euskarak zera behar du: musika elektronikoa, rapa, bideoklipak, diseinua, kaleko artea, marketina, konfetia, Interneta... Eta nik, ez dut nahi #basqueisdead. Euskarak beste mila urte bizirik irautea, zure ahoan, zure belarrietan, zure eskuetan dago. Euskara mantendu, eta hedatu dezakezu. Zuri pasatzen dizut lekukoa, hemen eta orain.

Jaun-andreok, ezkerraldean ere euskara bizirik dago, eta ilusio guztiarekin hedatzen ari gara. Euskara birjaio da: mezua zabaldu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina